XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HEGIALDEKO AUZO ELKARTEA Oihartzun independentistak ixildu Hegialden

Koordinatzaile Orokorra: Iñaki Aramendi Idazkaria: Mikel Aranburu Diru Zaindaria: Manolo Mugerza Delegatuak: Antton Elorza, Tomas Martija, Ibon Alzelai eta Borja Abasolo.

Orain dela 14 urte sortua, legalki 1986.eko apirilean eratua.

HELBURUA: Hegialde euskaldunago, jatorrago, potxologo eta zerbitzuen aldetik osatuago baten alde lan egitea.

AURREKONTUA: 2.000.000 pezetatik gorakoa.

Hegialdeko Auzo Elkartea 1986.eko Apirilean sortu zen legalki Urtatza, Lau Bide eta San Juan auzoetako bizilagunen interesak defendatzeko zioarekin.

Dena den, aurretik ere bazegoen helburu berdinaren aitzakiaz bilduriko taldea.

Izan ere, Katanga mezprezuzko gaitzizena jarri zaion Hegialde honek orain dela 14 urte kaleratu zituen lehen aldiz bere arazo eta erreibindikazioak.

- ENE BADA: Egin ezazue historia pixka bat.

HEGIALDEKO AUZO ELKARTEA: Garai hartan, orain dela 14 urte, Pepi, Jose Mari Alonso, Pello Zaldua eta jende gehiago elkartu ziren eta talde honen lorpen handiena auzo honetako jaiak antolatzea izan zen.

Beranduago, beste talde bat sortu zen: Jose Conejo, Matias Aizpurua, Jose Ignacio Dehesa, Xabier Martinez de Albeniz, Batis Otaegi, Tomas Martija.......

Hauen garaian, Karraxi aldizkaria atera zen eta Hegialdek urbanoaren geltokia, botika eta aurrezki kutxa izatea lortu zuen.

Orain dela lau urte berriz, Elkartea legalki eratu zen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailean erregistratu ondoren.

Eta orain lanean gabiltzanok, urte bete edo daramagu horretan.

- EB: Lokala ere lortu zenuten. Nola?

Lehen, Urtatzako 12. zenbakian dagoen lokalean biltzen ginen, baina jabeak saldu egin zuen eta kalean geratu ginen.

Festak antolatzeko, adibidez, deposito zaharraren inguruan eta Goiherriko terrazan biltzen ginen.

Beraz, eta lokalaren beharra izugarria zela ikusirik, hori lortzeko serioski lanean hasi ginen.

Sinadura bilketa egin, Udaletxera eskari-idatziak bidali eta azkenean, bertara joan ginen, pleno bat ospatzen ari zenean enkartelaturik azaldu ginelarik (aurtengo martxoaren 6an).

Han, auzoko lokal posibleen zerrenda agertzen zuen eskari-idatzia zabaldu genuen zinegotzien artean, eta kartelak bertan utzirik, alde egin genuen.

Handik hilabetera, orain dugun lokal hau eman ziguten, Urtatzako 19ekoak, hain zuzen ere.

- EB: Ikusten da taldeak dinamika eta koordinazio bat baduela. Lokala ere baduzue. Baina zein da Elkartearen filosofia?.

HAE: Labur labur esanda, Hegialde euskaldunago, jatorrago, potxolago eta zerbitzuen aldetik osatuago baten alde lanean dabilen taldea da gurea.

- EB: Eta zer egiten duzue guzti hori lortzeko?.

HAE: Gure lana bi ataletan banatzen da: Kultura eta giza harremanen arloan eta hirigintza arazoetan.

Kultura arloari dagokionez, hor ditugu festak, oraintxe ospatu berria den Aste Kulturala eta urtean zehar burutzen ditugun gauza mordoa: Kirolak, zinea, antzerkia, jota jaialdia, eta abar.

Giza harremanak direla eta, auzoko jendea kontzientizatu nahiean gabiltz, gure elkartea auzoko arazoei irtenbidea emateko bide zuzena eta aproposa dela erakutsi nahi diegu.

Eta hirigintzari dagokionez, Hegialdek hainbat puntu ditu konpontzeko arlo honetan: gorotz-urak, telefonoa, bide eta kaleen egoera, garaje falta, espaloiak, eta abar.

Baina gure burrukarik handiena frontoi baten eraikuntzaren aldekoa da.

- EB: Zer gertatzen da frontoi famatu horrekin? HAE: Frontoiaren arazoa garajeen faltarenarekin dago loturik.

Jakingo duzuenez, Udaletxeak herriko hainbat eraikuntza lan egiteko entrepresa edo promotora bat sortu nahi du.

HAE: Bai. Elkarte batek beti behar du bere ekintzak eta jendea biltzeko tokia.